Aguas del Añarbe - Añarbeko Urak, S.A.

Añarbek edateko uraren fluorazioa ezabatu du

Añarbek edateko uraren fluorazioa ezabatu du

Haurren aho-hortzetako osasuna hobetzeak aukera ematen du orain erabaki hori hartzeko; Euskadiko uraren erakunde nagusiek lehendik ere bat egin zuten erabakiarekin

Añarbeko Uren Administrazio Kontseiluak, joan den abenduan egindako bileran, Petritegiko (Astigarraga) edateko uren tratamendu estazioan edateko uraren fluorazioa kentzea onartu zuen, 1994tik egiten ari zena, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren 49/1988 Dekretua betez.

Dekretu horren helburua haurren artean hortzetako txantxarra prebenitzea zen, Osasunaren Mundu Erakundeak ezarritako jarraibideei jarraituz. Horretarako, 30.000 biztanle baino gehiago hornitzen zituzten erakundeei kontsumo publikoko urak fluoratzeko betebeharra ezartzen zien, besteak beste.

Fluorazioa mantendu egin behar zen, gutxienez, 12 urterekin CAO indizea -txantxarra duten, txantxarraren ondorioz galdu diren edo itxita dauden hortz iraunkorren batez bestekoa- 1,5 pieza baino gutxiagokoa izan arte. “EAEko ikasleen aho-hortzetako osasunaren 2018ko IV. Azterketa Epidemiologikoa”ren ondorioen arabera, indize hori bost aldiz murriztu da 1988an dekretua onartu zenetik, eta gaur egun 0,46 piezatan dago (1988an 2,3koa zen).

12 urterekin CAO indizea oso antzekoa da ur fluoratua duten eremuetan eta fluoratu gabeko ura duten eremuetan. Beraz, haurren aho-hortzetako osasunaren hobekuntza orokorra uren fluorazioarekin zerikusirik ez duten hainbat faktorek ere eragiten dute: PADI programaren ezarpenak (Haurren Hortzak Zaintzeko Programa), aho-hortzetako higiene handiagoak, hortzetako pasta fluoratuen erabilerak, etab.

Bestalde, 2020ko otsailean, Osasun sailburuak agindu bat eman zuen 49/1988 Dekretua indargabetzeko dekretu-proiektu bat jendaurrean jartzeko, hura egin aurretik. Lehenago ere, 2015eko azaroan, fluorraren dosifikazioa 0,9tik 0,7 mg/l-ra jaitsi zen, Osasun sailburuaren ebazpen baten bidez.

Uraren fluorazioak, beste neurri batzuekin batera, haurren aho-hortzetako osasuna hobetzea ahalbidetu badu ere, neurri eztabaidagarria izan da, eta Europako herrialde askotan ezabatua izan da.

Neurri hori onartuta, Añarbeko Urak Euskadiko ur-horniduraren erakunde kudeatzaile nagusiekin bat egin du, horiek ere fluorazioa ezabatu baitute beren tratamendu-instalazioetan: Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa, Aguas Municipales de Vitoria-Gasteiz, S.A. (AMVISA), Gipuzkoako Ur Kontsortzioa edo Txingudiko Uren Mankomunitatea.

Top