Aguas del Añarbe - Añarbeko Urak, S.A.

Añarbek ohartarazi nahi du ura iragazteko gailuen etxez etxeko salmentaren balizko iruzurra

Añarbek ohartarazi nahi du ura iragazteko gailuen etxez etxeko salmentaren balizko iruzurra

  • Iturriko uraren kalitatea eta osasungarritasuna guztiz bermatuta daude 
  • Praktika horien biktima izan direnek erreklamazio bat aurkez dezakete Kontsumobideren bidez

Añarbeko Urak erakundeak jakin du iruzur bat gertatzen omen ari dela ura arazteko iragazkiak edo ekipoak etxez etxe saltzeari dagokionez, iturriko uraren ustezko osasungarritasun-arazoak argudiatuta. Añarbek gezurtatu egin nahi ditu uraren kalitatearen arazo faltsu horiek.

Bereziki adineko pertsonei zuzendutako bisita horietan zalantzan jartzen da iturriko uraren kalitatea eta osasungarritasuna, eta ustezko arazoa konpontzeko gailu bat jartzea eskaintzen da.

Dirudienez, erabiltzaileak telefono dei bat jasotzen du bere etxeko uraren kalitatea aztertzeko hitzordua eskaintzen, edo zuzenean etxebizitzara sartzen saiatzen dira, etxeko atean agertuz. Behin etxe barruan, ustezko teknikariak zenbait proba engainagarri eta trikimailu kimiko egiten ditu, erabiltzailea konbentzitzeko iturriko ura edateagatik duen arriskuaz eta, ondorioz, iragazteko ekipo batzuk instalatzeko beharraz. Ekipo horien instalazio eta mantentze-kostua milaka eurokoa izan daiteke.

Añarbek ez du zerikusirik bisita horiekin (ez zuzenean, ez udalen bidez), eta gogorarazi nahi du iturriko uraren kalitatea eta osasungarritasuna bermatuta daudela. Hori dela eta, iruzur horren aurrean kontuz ibiltzea gomendatzen zaie herritarrei.

Praktika horien edo antzekoen biktima izan direnek, edo itzuli nahi duten produktu bat etxean erosi dutenek eta enpresak atzera egitea onartzen ez badu, erreklamazioa jar dezakete Kontsumobideren webgunean edo dagokion kontsumo-bulegoan.

Añarbe sistemak hornitutako ura kalitaterik handienekoa da, Kalitatea Kontrolatzeko Arloak giza kontsumorako uraren osasun-irizpideak ezartzen dituen 140/2003 Errege Dekretua aplikatuz egiten dituen aldizkako kontrolen emaitzek berresten duten bezala.

Añarbeko laborategiak zorrotz kontrolatzen du edateko uren estazioan tratatzen den ura, bai eta hoditerian, ur-gordailuetan eta iturrian duen egoera ere. Urtean 10.000 lagin baino gehiago aztertzen dira, 100.000 zehaztapen analitiko guztira, eta horien emaitzak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren webgunean kontsulta daitezke.

Top