Aguas del Añarbe - Añarbeko Urak, S.A.

Uraren ziklo integralaren fase ezberdinen kudeaketa ezagutzeko bisita gidatuak urtegira eta araztegira

Uraren ziklo integralaren fase ezberdinen kudeaketa ezagutzeko bisita gidatuak urtegira eta araztegira

Añarbeko Urak-en eskutik, Cristina Enea Fundazioak bisita gidatuak antolatu ditu irailean eta urrian Añarbeko urtegira eta Loiolako hondakin-uren araztegira, uraren zikloko faseen kudeaketa ezagutzeko.

Bisita horietan Añarbeko presan egiten diren instalazioak eta maniobrak ezagutuko ditugu, Gipuzkoako biztanleriaren % 44 urez hornitzen duena. Gainera, azpiegitura horiek klima-aldaketaren ondorioei nola aurre egiten dieten jakingo dugu, arro hidrografikoa kontserbatuz, ur-hornidurako sistema horien erresilientzia handitzeko. Gainera, bertatik bertara gozatu ahal izango dugu inguratzen duen paisaia ederraz, eta hobeto ezagutu ahal izango dugu natura- eta paisaia-balio handiko espazio hori, non basoa eta ura elkartzeak ingurune pribilegiatua sortzen duen.

Iban Zubeldia Añarbeko Urak-eko Komunikazio Zerbitzuko buruak azaldu duenez, "bisita gidatuetara etortzen direnek erantzun ahal izango diete geure buruari egiten dizkiogun galdera askori, hala nola, presatik zenbat ur ateratzen den une bakoitzean, zer den emari ekologikoa eta zertarako balio duen, urtegiak nola funtzionatzen duen eta uholdeak izateko arriskua dagoenean zer erabaki hartzen diren".

Añarbeko urtegia ezagutzeko bisita horiez gain, Loiolako Hondakin Uren Araztegia ezagutzeko bisitak ere programatu dira, "uraren ziklo integraleko instalaziorik ezezagunenetako bat eta interesgarrienetako bat", Zubeldiaren arabera. Klima aldaketaren ondorioetako bat uraren zikloaren aldaketa da, baita hirietan ere. Loiolako araztegira egindako bisita honetan, azpiegitura berezi hori eta etxeko eta industriako hondakin-urei eta euri-urei itsasora isuri aurretik egiten zaizkien saneamendu-tratamenduak ezagutuko ditugu. Era berean, tailer didaktiko bat egingo dugu, manipulazioan eta esperimentazioan oinarritua, saneamendu-prozesu bakoitzak eskalan nola funtzionatzen duen jakiteko.

Bisita gidatuen datak honako hauek izango dira, eta aldez aurretik eman beharko da izena, Cristina Enea Fundazioaren webgunearen bidez:

  • Añarbeko urtegira bisita: irailaren 26an (gaztelaniaz), urriaren 16an (gaztelaniaz) eta urriaren 24an (euskaraz).
  • Loiolako HUAra bisita: urriak 2 (euskaraz) eta urriak 31 (gaztelaniaz).

Bisitaren prezioa 5 eurokoa izango da pertsonako, eta fidantza gisa ordainduko da, osasun-egoeragatik eta horrelako jardueren antolaketan jarraitu behar diren edukiera-mugengatik, plaza guztiak beteko direla bermatzeko. Fidantza hori jarduerara joan diren pertsonei itzuliko zaie jarduera amaitutakoan.

Hala ere, egoera hau aprobetxatu nahi dugu ingurumenarekiko sentsibilitate berezia erakusten duten establezimenduetan kontsumoa sustatzeko, produktu ekologikoak, sasoikoak, tokikoak edota bigarren eskukoak saltzen dituztenak. Horrela, gure aletxoa eman nahi dugu, kontsumo arduratsua eta tokiko ekonomia sustatzeko. Horregatik, fidantza deskontu-bonu gisa itzuliko da, adierazitako establezimenduetako edozeinetan trukatzeko, eta ez da iraungiko.


Bisita gidatuetarako autobusa 10:00etan aterako da Renfe-ren Norteko geltokiaren parean dagoen markesinatik.

Top